IKT

Versión para impresora

Azken urteotako iraultza handietako bat informazioaren eta komunikazioaren teknologiekin batera etorri zaigu. Teknologia horiei, euskaraz, IKT esaten zaie, eta haien inguruko garapena izugarria izan da. Irakaskuntzaren mundura ekarrita, teknologiok aukera sorta zabal-zabala ireki dute eta diseinu kurrikularrak goitik behera aldatzen ari dira.

Hainbat kontzeptu bete-betean sartu dira San Fermin Ikastolako ikasgeletan; horietako bat, esaterako, gaitasun digitala da. Miniordenagailuak, sakelako telefonoak, audio eta bideo tresna txikiak, liburu elektronikoak, bideojoko-kontsolak, telekomunikaziorako plataformak... Teknologiaren eskutik makina bat gauza berri etorri zaizkigu; duela gutxi arte, zientzia fikziozko kontuak irudituko zitzaizkigun, baina hori guztia gero eta gehiago erabiltzen dugu gure etxeetan, eta, aldi berean, erronka bat dira gurasoentzako eta irakasleentzako: nola balia ditzakegu teknologia berriek dituzten aukerak, irakasteko eta ikasteko? Nola irakatsi seme-alabei mundu hori arduraz eta beren probetxurako erabiltzen?

IKTek, beraz, derrigorrezko irakaskuntzaren baitan, ikaslearen ohiko lan tresna izan behar dute; ikasleak aisetasunez, trebetasunez, arduraz, sormenez eta sen kritikoz erabili behar ditu, informazio mota oro sortzeko, gordetzeko, berreskuratzeko, lantzeko eta jakinarazteko.

Erronka horiez jabeturik, San Fermin Ikastolak hainbat lan ildo abiarazi zituen duela urte franko, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak irakaskuntzan txertatzeko. Hiru ardatz lantzen ditugu, nagusiki:

  • Eduki digital kurrikularrak garatzea.
  • Tresnetan inbertitzea.
  • Irakasleak prestatzea.

 

Ekipamenduari dagokionean, adibidez, aurreko urteetan egindako inbertsioaz gain, azken bi urtean 150 miniordenagailu eta sei gurdi mugikor erosi ditugu Lehen Hezkuntzarako. Haur Hezkuntzako ikasgela guztiak eta Lehen Hezkuntzako ikasgela erdiak arbel digitalez hornitu dira, eta DBHko eta Batxilergoko ia ikasgela guztiek badute proiektagailua eta ordenagailua, Internet konexioa barne. Horrela, gaur egun, San Fermin Ikastolako ikasleek informatika-tresnak erabiltzen dituzte eguneroko lanean, testuak prozesatzeko, kalkulu-orriak egiteko, multimedia-aurkezpenak egiteko, irudiak tratatzeko, mekanografia ikasteko, etab. Era berean, Internet asko erabiltzen da curriculumaren irakasgaietan.

Hiru proiektu berezi

Gaitasun digitala sendotzen jarraitzeko asmoz, Ikastolako IKTen dinamizazio taldeak, Ikastolen Elkartearekin elkarlanean, ikasturte honetan hiru proiektu darabiltza eskuartean, hirurak ere aipatu beharrekoak. Hona hemen proiektuak: Ikasys (Lehen Hezkuntzako 2.-4.-6. maila), IKT Txanela (Lehen Hezkuntzako 5-6) eta IKT Ostadar (DBHko 1. mailan).

IKASYS. San Fermin Ikastolak joan den ikasturtean parte hartu zuen proiektu honetan, 17 ikastetxe pilotuetako bat izan baitzen, eta, emaitzak ikusita, Lehen Hezkuntzako 2., 4. eta 6. mailan ezartzea erabaki da. IKASYS proiektua sistema bat da, ikasle bakoitzak bere ordenagailuaren bidez ikas dezan. Multzoak, zehazki, hiru elementu batzen ditu: tresna informatikoak (hardwarea), aplikazio informatikoak (softwarea) eta estrategia kurrikularrak (edukiak).

Eduki kurrikularrari dagokionez, jarduera sorta bat biltzen du, gaiz gai sailkatuak eta zailtasunaren arabera antolatuak. 45.000 ariketa sortu dira gai bakoitzeko, 6-12 adin tartean. Guztira, 225.000 ariketa, bost arlootan banatuta: Euskara, Hizkuntza, Ingelesa, Matematika eta Ingurunearen Ezagutza. 2009/2010 ikasturte osoan, Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikerketa talde batek proiektuaren ebaluazio bat egin eta ondorio hauek atera zituen:

  • Ikasleak askoz ere motibatuagoak, autonomoagoak eta kontzentratuagoak egotea lortzen da.
  • Etorkizunean, sistema bere osoan landuta, tresna garrantzitsu bat izan daiteke dibertsitatea lantzeko.
  • Emaitzak irakasgai guztietan hobetzen dira.

 

IKT TXANELA. Kontua da gaitasun digitala Txanela proiektu kurrikularraren baitan erabat txertatua garatzean datza. Lehen Hezkuntzarako sortu da eta Haur Hezkuntzako Urtxintxa proiektuaren jarraipena da. Joan den ikasturtean eta honetan ere, IKTak Txanelan txertatzea lantzen ari da; Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetan, zehazki. Helburua da ikasleek Txanelako materialetan proposatutako jarduerak IKTen bitartez lantzea. Xedea da gaitasun hauek lortzea:

  • Informatika-sistema kontrolatzea
  • Informazioa eraginkortasunez kudeatzea
  • Komunikazioa eta lotura informazioaren eta ezagutzaren artean
  • Informazioa prozesatzea eta editatzea
  • Informazioaren eta komunikazioaren teknologia irekitasunez eta arduraz erabiltzea
  • Ezagutzak bizitzan baliatzea eta arazoak konpontzeko erabiltzea

 

IKT OSTADAR. DBHko 1. eta 2. mailarako da eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako proiektu kurrikularraren baitan dago. Helburua da gaitasun digitala hiru irakasgaiotan era sistematizatuan txertatzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologien bitartez: Euskaran, Natur Zientzietan eta Gizarte Zientzietan.

Irakaskuntza mailetan aurrera egin ahala, DBHn sarturik, aurreko aplikazio horiei beste batzuk ere gehitzen zaizkie, propio diseinatuak irakasgai jakin batzuetan blogak sortzeko, DVDak ekoizteko, lan batzuk bideo digitalaren bidez egiteko, aljebra-problemak ebazteko, kontzeptu-mapak egiteko, marrazki teknikoaren aplikazioetarako, zirkuituak simulatzeko ... Horrez gain, ikasleek eta irakasleek Google-ko kontu pertsonalak erabiltzen dituzte (Gmail, GoogleDocs, Sites).