Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) izenekoa, ikasle guztiek derrigorrez egin beharreko etapa da, lau urteko iraupena duena. Normalean, hamabi urtetik hamasei urte bete bitarte egitekoak dira ikasturte horiek.
Etapa honen xedea hauxe da: ikasleak kulturaren oinarrizko elementuez jabetzea (alderdi humanistiko, artistiko, zientifiko eta teknologikoei dagokienez, bereziki), haiengan ikasteko eta lanerako ohiturak garatzea eta finkatzea, ondorengo ikasketak egiteko eta lan-munduan sartzeko prestatzea, eta bizitzan herritar gisa dituzten eskubideak eta betebeharrak gauzatzeko prestatzea.
DBH zenbait irakasgaitan antolaturik dago eta oinarrizko konpetentziak curriculumaren arlo guztietan ikasten dira. Era berean, irakurmena, idazketa eta ahozko adierazmena etapako arlo guztietan lantzen dira.
Hizkuntzen irakaskuntzari dagokionez, hizkuntzen tratamendu integratuaren bitartez gauzatzen da. Horretarako, Ostadar proiektuaren bidez lantzen dira Euskara eta Literatura, eta Lengua y Literatura arloak. Gure proiektuan, komunikaziorako erabiltzen den sistema da hizkuntza eta bere unitate komunikatiboa ez da hitza, ez eta esaldia ere, diskurtsoa baizik, mota askotako testuetan gauzatzen dena.
Atzerriko hizkuntzei dagokienez, Eleanitz proiektuaren eskutik lortzen dituzte ikasleek DBH bukatzean ingelesaren ulermen, produkzio, irakurketa eta idazketarako gaitasunak. DBHko 1. eta 2. mailetan Subject Projects lantzen da eta DBHko 3. eta 4. mailetan SSLIC, hau da, gizarte zientziak ingelesez lantzen dira. Era berean, Eleanitz proiektuaren baitan, frantsesa etapa osoan zehar ikas daiteke eta, kasu honetan, hizkuntza horren lehen hurbilketa egitea da helburua.

DBH4. mailan dauden ikasleek Europako hainbat ikastetxerekin antolatzen diren trukaketa programetan parte hartzeko aukera izaten dute, egonaldi hauek COMENIUS proiektuaren baitan gauzatzen dira.
Etapa honetan ezinbestekoa izango da ikasleak konpetentzia digitalaren lorpenera bideratzea eta, horretarako, IKT programaren bidez gauzatzen dira hainbat jarduera.
Era berean, garrantzitsua da gaitasun komunak eta balore hezitzaileak lantzeko esparruak ikasleei eskaintzea, hala nola, ikasten ikastea, ahalegina, inplikazioa, konpromisoa, erantzukizuna, ikaskideenganako begirunea, talde lanean aritzea. Horretarako, arlo bakoitzetik egiten diren ekarpenei esker, proiektu bateratuak antolatzen dira ikasturtean zehar.
DBHko aukerakotasuna
53/2007 maiatzaren 23ko Foru Aginduak arautzen du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) etapari dagozkion aukerako irakasgaien curriculuma eta irakasgai horiek nola eman, eta era berean, DBHko laugarren kurtsoko aukerak ere onesten ditu.
San Fermin Ikastolak hautazkotasuna antolatzean ikasleriaren behar eta interesak, barne eta kanpo ebaluazioen emaitzak eta gaur egungo gizartearen eskariak hartzen ditu kontuan. Tutore taldeak eta orientatzaileak ere zeregin garrantzitsua izango dute, ikaslearen ahalmen eta nahiak kontutan hartuz aholkulari lana egiten baitute.
Adibidez, hizkuntzak ikastea bultzatzen da eta horretarako atzerriko bigarren hizkuntza eskaintzen da etapa osoan, frantsesa, hain zuzen ere. Hizkuntza honekin batera, DBHko 1.mailan Literatura sorkuntza eskaintzen da eta DBHko 2.mailan Matematikan sakontzen. DBHko 3.mailan ikasleak frantsesa, kultura klasikoa eta teknologiaren artean bat aukera dezake.
Aukerako irakasgaien garrantzi nabarmenena DBHko 4.mailan dago.
Izan ere, DBHko 4.mailan ikasleak hiru ezaupide-arloren artean bat aukeratu behar du: zientifikoa, humanistikoa eta teknologikoa. Arlo zientifikoari lotuta dauden ikasgaiak Biologia eta Geologia, eta Fisika eta Kimika dira; aukera humanistikoari lotutako ikasgaiak Latina eta Informatika dira eta, azkenik, arlo teknologikoari dagokionez, Teknologia eta Plastika dira lotuta dauden ikasgaiak, eta gehien bat lanbide heziketara doazen ikasleei dago zuzenduta. Hauetaz gain, ikasleak hirugarren ikasgai bat aukera dezake frantsesa, informatika eta plastikaren artean.
Tutoretza eta orientazioa
Ikasle guztiei zuzenduriko laguntza-prozesu jarraia eta sistematikoa da, arreta berezia jartzen da prebentzioan eta ikaslearen garapen pertsonalean.
Ikastolako BIZIKIDETZA proiektua eredu integratu batean oinarritzen da. Eredu horrek hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzea sustatu nahi du eta gatazkak modu baketsuan konpontzea bultzatzen du. DBHko ikasleen partehartzea ezinbesteko da ikastolako bizikidetza kudeatzeko eta bizikidetza-giro ona mantentzeko. Alderdi horiek ikasle laguntzaileek egiten dituzten interbentzioetan islatzen dira eta, era berean, bizikidetza-araudiaren inguruan lan egiterakoan, ikasleria guztiaren inplikazioa lortzeko diseinatzen diren jardueretan agertzen dira.
Hezkidetza ere, etapa osoan landu beharreko gaia delakoan gaude. Horretarako, berdintasuna programatu egin daiteke, berdintasun-plana zehaztuz. Plan honetan hainbat saio eta ekintza prestatu dira etapako lau mailetan aurrera eramateko.


