Bizikidetza
Aldez aurreko ideiak.
Oinarrian dagoen filosofiak indarkeria mota ororen kontrako sentsibilitate soziala eta morala handitzea du abiapuntu; hartara, bizikidetzaren gakoak sendotu behar dira. Filosofia horrekin bat, hezkuntza-erkidegoa eragile globala da eta ikastetxearen kultura, azturak, arauak eta balioak eraikitzen ditu. Hezkuntza-erkidegoak, izan ere, ikastetxean gertatzen den gauza ororen zuzeneko protagonista eta arduradun izan behar du; eta, bereziki, ikastetxeko giza bizikidetzaren giroa zertan den eta nolakoa den ezagutu beharra dauka. Erkidego horren barruan, mikrosistema sozial bakoitzak (hau da, irakasleriak, ikasleriak, familiek eta gizarte-testuinguruak) bere eginkizuna izan behar du, bizikidetza hobetzeko proiektuaren eragilea eta onuraduna baita.
Garrantzitsua da Ikastolan bizikidetza baketsuan oinarritutako giroa sortzea, bai eta gatazkak tratatzeari arreta berezia eskaintzea ere. Bizikidetza errazteko, funtsezkoa da arauak errespetatzea, betiere diziplina positiboko planteamendua oinarri hartuta eta bizikidetza-arauak lantzeko prozesu demokratikoak erabilita.
Ikastolako jendearen artean egiten diren harremanetan, ikasleen arteko hartu-emanak arras garrantzitsuak dira. Harreman horietako askok sustatzen dituzten konbentzioak, portaerak eta sentimenduak onartezinak dira sozialki eta moralki; indarkeriazko harremanak, esaterako.
Jendearen arteko harremanek, bai eta harremanokin batera datozen pentsamenduek, sentimenduek eta zirrarek ere, egoera konplexuak ekartzen dituzte; edozein materia kurrikularrak baino konplexutasun handiagoak. Irakaskuntzarik egiten ez bada, pertsona emozioen eta inpultsuen mendean gelditzen da gatazka dagoenean, aurrez inolako gogoetarik egin gabe, eta horrek erantzun landugabeak sorrarazten ditu: esaterako, eraso egitea eta jotzea, ez ekitea, erresumina eta antzeko erantzunak.
Balioak
Pertsona zoriontsuak eta begirunetsuak hezi nahi ditugu, gizartean txertatuak eta gizartea hobetzeko gaitasuna dutenak. Ikastola ondoko balio hauek ikasteko bizikidetza lekua da; errespetua, ahalegina, ekimena, pertsonen arteko berdintasuna... hori guztia bizipenetan oinarritutako irakaskuntzarekin bat. Gure bizikidetza antolatzearen eta hartan eragiteko eguneroko dinamikaren bidez, ikasleek hainbat balio bere eginen dituzte: hots, askatasuna, elkartasuna, elkarrekiko errespetua eta sen kritikoa. Etorkizunean, gainera, ikasleek elkartasunean oinarritutako gizarte zuzenago eta irekiago bat sortzen lagunduko dute, gainerako erkidego, herri eta herrialdeekin batera.
Nola lantzen dugu bizikidetza Ikastolan?
Bi maila lantzen ditugu
- Prebentzioa.
- Esku-hartzea, gatazka bat edo bizikidetzaren kontrako portaera bat dagoenean.
PREBENTZIOA
- Esparruak egokiro antolatzea, gatazkak agertzeari aurrea hartzeko
- Gatazken konponketa positiboa
- Zirrarak identifikatu eta kudeatzea
- Diziplina positiboko arauak 3 arlotan: jendea errespetatzea; lan giroa errespetatzea; instalazioak eta materialak errespetatzea.
- Curriculuma, tutoreen ekintzarako plana. Hainbat jarduera planteatzen dira, aurreko faktore horiek hezkuntzako etapa eta ziklo guztietan lantzeko.
Etapa guztietarako adibideak:
HAUR HEZKUNTZA
Haur Hezkuntzako programaren barruan, haurrek beren auto-estimua eta auto-kontzeptua lantzen dituzte, bai eta sentimenduak identifikatzea ere. Haur Hezkuntzako ikasgela guztietan badago belarri batek eta aho batek sinbolizatutako txoko bat. Ikasleak txoko horretara joan daitezke, dela tristeak/hasarre daudenean, dela zerbait adierazteko beharra dutenean eta beste ikasle batek entzunak izateko beharra dutenean.
LEHEN HEZKUNTZA
Lehen Hezkuntza osoan, gure ikasleengan auto-estimua eta auto-kontzeptua garatzen ditugu, eta, horiez gain, sentimenduak kudeatzea, enpatia, entzutea eta komunikazioa, Ni Mezua klabea erabiltzea (hau da, zer gertatu den, nola sentitzen naizen, zer eskatzen dizudan...) Trebetasun horiek oinarrizkoak dira, gure ikasleak gatazkei era baketsuan elkarrizketa bidez heltzeko gauza izan daitezen.
Trebetasun horien garapena Lehen Hezkuntzako curriculumean programatua eta sekuentziatua dago, eta adin guztietako eboluzioaren ezaugarrietara moldatzen gara. Ikaskuntza horrek gatazken konponketa positiboa ahalbidetzen du; ikaskuntza eguneroko egoera eta gatazketara aplikatzen dugu, eta horrek guztiak Ikastolan giro onuragarria sortzen du.
BIGARREN HEZKUNTZA. Berdinen arteko bitartekaritza-programa lantzen da. Bitartekaritza egiteko eta gatazkak tratatzeko taldeak.
Ideiak:
- Ikasgela guztietan ikasle bitartekariak daude
- Bigarren Hezkuntzako orientatzaileak bitartekaritzan prestatuak daude, bai eta gatazken konponketa positiboan ere.
- Beste pertsona batzuekin bizitzeak berezkoa du gatazka. Garrantzitsua da, beraz, gatazkei heltzeko modua, gatazkei era eraikigarrian heltzea, geure burua errespetatuz eta besteak errespetatuz.
- Gogatsu saiatzen dira giro ona sortzen, bai eta egoera zailak bizitzen ari direnei laguntzen ere.
ESKU-HARTZEA.
Eguneroko bizitza ukitzen duten kontuak metatzearekin zerikusia duten egoera motei egiten diegu aurre: hau da, bizikidetza txarreko dinamikei, ikaskideen arteko hitzezko erasoei, materialen kontrako erasoei, kanporaketa sozialari, irakasleenganako errespeturik ezari eta gatazkei, besteak beste.


