Batxilergoa
Derrigorrezko etapen ondorengoa da, bi urteko luzapena duena. Bigarren hezkuntzaren barnean sartzen da eta hurrengo helburuak ditu:
a) ikasleek adimen eta giza heldutasuna lortzea
b) eginkizun sozialak erantzukizunez eta egoki burutzeko behar diren ezagutza eta gaitasunak eskaintzea ikasleei
c) goi mailako lanbide heziketara eta unibertsitatera igarotzeko prestakuntza ematea.
Helburu horiek lortzeko, Batxilergoak heziketa intelektual, zibiko eta etiko sendoa eman behar die ikasleei. Batxilergoko ikasketak hiru motatako irakasgaietan banatzen dira: irakasgai komunak, modalitateko irakasgaiak eta aukerako irakasgaiak.
Irakasgai komunek, funtsean, ikasleen prestakuntza orokorra dute helburu, adimen eta giza heldutasuna, eta ikasleek eginkizun sozialak erantzukizunez eta egoki burutzeko behar dituzten gaitasunak garatzea. Modalitate bakoitzeko irakasgaiek aukeraturiko modalitatearen araberako berariazko prestakuntza emanen diote ikasleari eta, hala denean, oinarrizko lanbide prestakuntza. Aukerako irakasgaiek hautaturiko modalitateari dagokion berariazko prestakuntza sendotzen laguntzen dute eta prestakuntza orokorra osatzen.
San Fermin Ikastolan bi modalitate eskaintzen ditugu eta bakoitza bi multzotan antolatzen da:
Zientzia eta Teknologia:
Zientziak eta Ingeniaritza blokea
Osasun Zientziak blokea
Giza eta Gizarte zientziak:
Gizarte Zientziak blokea
Giza Zientziak blokea
Aukerako gaiak hauek dira:
- Modalitateko aukera
- Nafarroako Geografia eta Historia
- Frantsesa
Ikasleriaren aniztasunari behar bezala erantzuteko, San Fermin Ikastolak malgutasunez antolatzen ditu taldeak eta ikasgaien ordutegiak. Batxilergoko ikasle guztiek egin beharreko ikasgaiak nork bere gelan egiten dituen bitartean, aukeraturikoak beste ikasle-talde batekin egiten dira, horrela ikasteko giroa hobetzen delakoan baikaude.
Maila bakoitzean tutore talde batek kudeatzen ditu mailako ikasleekin eta gelekin zerikusia duten hainbat aspektu, orientatzailearen eta koordinatzailearen laguntzarekin. Tutoreen zereginak lau ardatzen ingurukoak izaten dira:
Ikasteko lan giro baikorra lortzeko beharrezkoak diren gelako dinamiken jarraipena egitea, eta dinamika horiek optimizatzea.
- Ikasleen ikaskuntza prozesuaren jarraipena eta optimizazioa egitea.
- Ikasle bakoitzak bere etorkizunari begira behar duen orientazioan laguntzea.
- Familiekin kolaborazio eta laguntza harremanak ezartzea.
Aipagarriak dira beste ekintza batzuk:
- EGA titulua lortzeko prestakuntza.
- Atzerriko hizkuntzetan tituluak lortzeko prestakuntza (ingelesa eta frantsesa).
- Ikasketa bidaia Batxilergoko 1.mailan.


