Aurkezpena

San Fermin Ikastola partaidetza sozialeko ikastetxea da, 3 eta 18 urte bitarteko ikasleen heziketa bere gain hartzen duena.

Irakaskuntzaren maila bakoitzaren berezko izaera zainduz, gurea ziklo guztiak kontuan hartzen dituen hezkuntza-proiektu bakarra da: Haur-Hezkuntza (3-6 urte bitartekoak), Lehen Hezkuntza (6-12 urte), Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (12-16 urte) eta Batxilergoa. Hala ere, horietako bakoitzak berezko guneak eta bitartekoak ditu arlo guztietan.

Euskara ereduaren ardatza harturik, ikasleen garapen osoaren aldeko apustua egin nahi dugu. Horregatik, gaitasun, trebetasun, ahalmen eta edukiak lantzeaz gain, bizitzarako positibotzat jotzen ditugun  balioak ere garrantzi handikoak dira guretzat: errespetua, tolerantzia, elkarbizitza, kritikotasuna, eta baita euskaltzaletasuna eta euskal kulturarenganako maitasuna ere.

Gurea mundura zabalik dagoen ikastola denez, euskaraz gain gaztelera, ingelesa eta frantsesa ere irakasten dira, gureak ikasle eleanitzak izan daitezen. Bestalde, kalitate handiko trukaketa-programa daukagu Europako hainbat herritako ikastetxerekin, interesgarri bezain aberasgarria ikasleentzat eta baita ikastolako profesionalentzat ere.

Teknologia berrien aldeko apustua ere aspalditik dugu egina, tresna berrietan ez ezik, horiei loturiko edukietan ere ahalegin handia egin behar delakoan.

Irakaskuntzaren kalitatea erronka nagusia izanik, gure irakasle eta gainerako langileen profesionaltasuna funtsezkotzat jotzen dugu. Haien esperientzia eta etengabeko prestakuntza dira, dudarik gabe, ikastolak eskaintzen duen kalitatearen berme nagusia.

Gurasoek sorturiko proiektua da gurea eta, beraz, aita-ama guztien partaidetza ere gure ereduaren gako nagusienetakoa da. Ikastolako profesionalekin elkarlanean, gurasoek beren seme-alaben irakaskuntza prozesuan parte hartzen dute eta ikastolako organo nagusietan daude ordezkaturik.

San Fermin Ikastola ikastetxe oso zabala da, 45.000 metro karratuko ingurune paregabean baitago kokaturik. Eskola zein eskolaz kanpoko jardueretarako instalazio bikainak ditu.