Gure ikasleen elkartasuna Ghanaraino iritsi da

San Fermin Ikastola Ganarekin elkartasuna

Iazko ikasturtean, ikastolako guraso den eta baita San Juan de Dios erietxeko medikuaren bitartekaritzari esker, San Fermin Ikastolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek elkartasunezko azoka bat antolatu zuten, Proiektuen Azokaren baitan. Egun horretan, haiek egindako eskulanekin, etxetik ekarritako opariekin, prestatu zituzten pintxoekin eta abar luzea, hainbat diru bildu zuten, erietxe honetako elkartasun fundazioarekin batera, Afrikako Gana herrialdera bidaltzeko. 

Aste honetan ordea, San Juan de Dioseko ordezkarien eta Ghanatik bertatik etorritako Koforidouko Saint Joseph erietxeko ordezkarien eskutik, bildutako diru horrek zertarako balio izan duen jakin izan dugu, hitzaldi bat eskaini baitzieten dagoeneko DBHko 1. mailan dauden ikasle guztiei. 

Lehendabiziko ekarpena afrikar erietxe honetarako arropa lehorgailu industrial bat izan da, benetan garrantzitsua baita izarak garbitzeko eta lehortzeko tresneria egokia izatea, bertan diren gaixoak modu egokian hartatzeko. Bestalde, Koforidouko erietxeraino bi ingeniarik bidaitu dute, bertan, inkubadora berri bat muntatzeko. Interesgarria izan da oso azken ekarpen hau, bai inkubadora bat gehiago izango dutelako, jakina, baina baita bertako langileek ere halako makina baten muntaian trebatu direlako. Hortaz, hemendik aurrera, soilik piezak bidalita egin ahal izango dute lan hori euren kabuz. 

Esperientzia benetan aberasgarria izan da denontzat, bai hizlariek hitzaldian egindako ekarpenengatik, baina baita ere elkartasun jaduera honen ibilbide osoa ikusi ahal izan dutelako gure ikasleek.