Batxilergoko ikasleak proiektuka lanean

San Fermin Ikastola, Batxilergoan proiektuka lanzan

Batxilergoko 1. maila osoa proiektu batean murgilduta egon da azaroaren bukaerako bi asteotan, Greziari buruzko Elkartasun Gida bat egiteko.  Maila honetako ikasleek ikasturte amaieran Ikasbidaia egin behar dutenez, ideia aproposa iruditu zitzaion honen guztiaren diseinu eta antolaketan aritu den tutore taldeari. Alde batetik, bidaian bertan, kasu honetan Grezian,  ikusi eta egin behar zutenaren planifikazioan parte hartu dutelako eta, bestetik, elkartasunezko helburua ere bazuelako, egitasmo hau guztia aurrera ateratzeko Zaporeak eta Alboan Gobernuz Kanpoko Erakundeekin elkarlanean aritzeko aukera izan baitugu. 

Ekimen hau guztia PBLn (Problem-Based Learning) oinarritutako egitasmoa da; XXI. mendeko irakaskuntzak proposatzen dizkigun erronka berriei aurre egiteko beharrei ere erantzuten diena: IKTen hedapena eta erabilera, errealitatetik hurbil dauden adibide eta arrazoietan oinarritu behar izatea, ikasleen interesguneetara iristeko testuingurura loturik dauden oinarrizko konpetentziak garatzeko beharra, hausnarketa bultzatuko duten jardueren gaineko interesa piztu beharra...

Gida bukatu dutenez, inprentara jotzea izango da hurrengo pausua eta, azkenik, garrantzitsuena, honen salmenta egin beharko, irabazien erdia behintzat aipatutako Gobernuz Kanpoko Erakundeek egiten duten elkartasun jarduera laguntzeko. Beraz, izango dugu aurrerantzean honen guztiaren berri gehiagorik.